XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Denbora gutian, Karlomagno sarkalde osoko jaun eta errege da.

Bere nagusitza sakonkiago baiesteko, Eguberri egunez, Erroman, Mendebal guztiko enperadore nagusi gisara sagaratua izango da.

Hemen du jatorria Sarkaldeko Inperio Sakratuak.

Karlomagnoren aginte moldeak ikustea funtsezko gauza da, haro honen jatorria garbiro konprenitzeko.

Karlomagnoren asmo bizia, kultura eta politikari bultzada eta arnasa berezia erastea da.

Ekonomiak eta politikak berpizkunde bat somatuko dute, nahiz eta hori aski erlatibua izan.

Mende honetan, Europa erdiko lurrak, hots, Rin eta Loira hibaialdeak, izanen dira Europako giltza.

Erregearen gobernaritza, ordea, nekeza gertatzen zen halako lurralde zabalen barrena; administrazgoa arras soil eta traketsa bait zen.

Erregearen agintea, konde eta beste ordezkoen bitartez iristen zen baserrietara.

Baina dezentralizazioaren urratsak argiak ziren, konde eta beste jauntxo feudalek joera eta ahalegin banatzaileak agertzen zituztelakoz politikan.

Erregearen agintea guztiz erlatibua bihurtuko zen.

Beraz, lotura guti zedukan beheko mailatan; herri eta errege tartean konta ezin halako jauntxo talde, lege egile, handiki, etab. bait zegoen.

Erregeak ez zuen benetako biderik bere aginte pertsonala behar bezala ezartzeko.